2012/11/01

Pikler - Gaur8

Gaur, Emmi Pikler eta Loczy institutuari buruz aurkitu dudan artikulu interesgarri bat dakarkizuet

Hona hemen artikuluaren web orria: http://www.gaur8.info/edukiak/20111001/294112/Haurrari-begira-begira-jarri-eta-gaitasun-kontaezinak-ikusi-zituen-Piklerrek/


Haurrari begira-begira jarri eta gaitasun kontaezinak ikusi zituen Piklerrek


Haur bat gai da bere motrizitate guztia bere kabuz garatzeko; etzanda egotetik bakarrik oinez hasi arteko prozesu guztia bakarrik egiteko programatuta dago. Aurkikuntza horixe egin zuen Emi Pikler pediatrak duela 60 urte baino gehiago. Loczy sehaska etxean haurraren hazkuntza ikerketa zientifikorako helburu bihurtu zuen eta ateratako ondorioek gaurkotasunik ez dute galdu.




 2011ko Irailaren 30a



Gizakia suntsitzeko moduez dena erakutsi diguten mende honetan, bakanak dira gizakia eraikitzen laguntzen duten hau bezalako tokiak». Bernard Martino zinemagile frantsesak hitz horiekin definitzen du Loczy Pikler Fundazioa, egoitza nagusia Budapesten izanda ere, jarraitzaileak mundu guztian dituena. Martinok «Loczy, hazteko etxe bat» dokumentala egin zuen 2000. urtean eta oraintxe fundazioaren inguruko beste film batekin ari da. Izan ere, Hungariako Gobernuak martxan jarritako murrizketa batzuk medio, Loczy Pikler arriskuan da eta hari horri tiraka ari da Martino.
Fundazioa desagertzea «sekulako hondamendia» litzatekeela salatu dute hainbat ahotsek nazioarte mailan. Euskal Herriko Pikler Loczy Sarea ere iritzi berekoa da. Bertako kide den Juanjo Quintelaren esanean, «Copernico edo Galileo astronomia arloan edo Darwin biologian izan zirenaren pareko da Emi Pikler hazkuntzaren arloan. Haurtxoaren motrizitatearen gainean egin zituen aurkikuntzak alor horretan gaur arte egindako ekarpen garrantzitsuena dira zalantzarik gabe». Ondorioz, benetan larria litzateke fundazioa desagertzea.

«Inongo gobernuk ez du arazorik ur-jauzi bat, baso bat edo arkitektura lan bat gizateriaren ondare izendatzeko. Baina asko kostatzen da Emi Piklerrek abiatu zuen eta profesional bikainek jarraitu zuten lana -mundu mailako errekonozimendua jaso duena- gizateriaren ondare dela ulertzea», gaineratu du Quintelak.


 Loczyko sehaska etxea

Euskal Herriko Pikler Loczy Sarea 2009. urteko abenduan sortu zuten hamalau profesionalek; haur eskolako hezitzaileak, irakasleak, psikoterapia munduan lan egiten dutenak eta psikologoak daude tartean. Sortu zenetik bi urte eskasera, 311 sarekide ditu.
«Piklerrek lehendabizi eta Loczy Institutuan lan egiten zuen lantaldeak ondoren sekulako lana egin zuten eta hortik gure taldearen izena», agertu du.

Emi Piklerren bizitzari buruzko zenbait datu bildu ditugu alboko orrialdean. Hartara, 1946. urtean, Bigarren Mundu Gerra bukatu berritan, Budapesten sehaska etxe baten kargu egin zen garaiko Hungariako Gobernuak hala eskatuta. Ordura arte pilatutako hainbat irakaspen gidari hartuta, pediatrak haurraren hazkuntzari begirako bide benetan liluragarria abiatu zuen.

Ordurako hamabost urte zeramatzan pediatra modura lanean eta nahiko garbi zituen hazkuntzari begirako zenbait oinarri. Etxe hartako antolaketa guztia haurrak gustura eta gozo egon zitezen antolatu zuen, beren familietan egongo zirenaren antzekoen egon zitezen. Baina sehaska etxe hura ez zen berria, bazeramatzan urte batzuk martxan eta bertan lanean zeuden haurtzain diplomatuek ez zituzten begi onez ikusten Piklerren «berritasunak».

Hiru hilabeteren buruan haurtzain denak kaleratu egin zituen eta haien ordez emakume gazteak kontratatu zituen, ikasketa handirik gabeak baina haurren hazkuntzan eta zaintzan interesa zutenak. Pikler bera eta bere laguntzaile batzuk arduratu ziren emakume haien formakuntzaz. «Eta orduan hasi zen sistematikoa, erabat zorrotza eta behaketan oinarritutako lan izugarria, bakarra munduan. Beste inon ez da horrelako aukerarik izan. Emakumez osatutako lantalde hark sekulakoa egin zuen; haurren egunerokoa eta hazkuntza ikerketa zientifikorako helburu bihurtu zuten. Beste inon ez da halakorik ezagutzen. Behaketan, eztabaidan eta autokritikan oinarrituta, pixkanaka hazkuntzarako modu bat fintzen-fintzen joan ziren», nabarmendu du Quintelak.


Hiru oinarri ditu

Hazkuntzarako ikuspuntu horrek hiru oinarri ditu. Lehena, haurraren mugimendu askea da. «Piklerrek egindako ekarpen garrantzitsuena hori da: haur bat gai da bere motrizitate guztia -bakarrik ibili artekoa- bera bakarrik eraikitzeko, helduaren batere laguntzarik gabe. Eta konturatu gara helduek hori sinesten dutenean, erabat haur desberdinak topatzen ditugula; haur seguruak -sekula ez direlako arriskuan jartzen-, bere buruarengan konfiantza dutenak, behartzen ez dituen heldu horrengan konfiantza dutenak, ekimena dutenak...», agertu du Quintelak. Eta Piklerren kezka, hain juxtu, bere sehaska etxean hori guztia posible egiteko giroa sortzea izan zen.

«Guk ere garbi dugu haurrak gaitasun hori gara dezan baldintzak sortu behar direla. Eta horrela gertatzen denean erabat haur desberdinak hazten ditugu. Harritzekoa da utziz gero haur batek zein gaitasun duen bere hazkuntzaren ardura hartzeko».

Bigarren oinarria zaintzari begirakoa da. «Kalitateko zaintza defendatzen du Piklerrek. Jateko unea, garbitzekoa, lo egitekoa... haurraren eta helduaren arteko une estuak dira. Mugimendu askearen kasuan helduak ez du ezer egin behar, horretarako baldintzak sortu eta behatu. Baina badira zaintzarako beste une batzuk eta horietarako haurrak heldua behar-beharrezkoa du. Une horiek mimoz, kontuz, gozo egin behar dira, haurraren eta helduaren arteko lotura une horietan estutzen baita. Pixoihal bat aldatzeko orduan ez da beharrezkoa Euskal Herriko pixoihal aldaketako errekorra gainditzea. Kalitate goreneko zaintza uneak oso garrantzitsuak dira», agertu du. Eta gurasoekin ez ezik haur eskoletan eta haurtzaindegietan dabiltzan profesionalekin akordatzen da Quintela. «Jateko plazera, mundua deskubritzeko ahoa irekitzearen plazera nekez suma daiteke zaintzailea aldi berean hiru haurri jaten ematen ari bada».


Sozializazio baketsua

Euskal Herriko Pikler Loczy Sareko kideak Budapesten egon dira duela aste batzuk formakuntza ikastaro batean. Eta aurtengoarekin Loczy Pikler Fundazioan egiten duten hirugarren ikastaroa dute. «Orain arte bi oinarriez hitz egiten zuten baina azken ikastaro honetan dagoeneko hirugarren oinarria aipatu digute; sozializaziorako trantsizio baketsua. Sozializazioa helburua da, baina talde baten parte izateko urrats horrek bere denbora behar du, bere erritmoa, eta modu baketsuan eman behar da. Helduak ezin du haurra sozializatzera behartu berari hala komeni zaion moduan eta erritmoan. Haurrak bere denbora behar du eta normalean ez zaio ematen», zehaztu du Juanjo Quintelak.

Euskal Herriko Pikler Loczy Sareak Partzuergoko hamar haur eskolarekin egiten du lan, hezitzaileei formakuntza eskainiz eta baita zentroetan bertan aholkularitza lana eginez ere. «Lana zoragarria da, zaila baina zoragarria. Haurrari bere motrizitatea garatzen modu askean uzten diogunean, helduak ez du etengabe haur horrekin egon behar eta denbora dauka beste gauza batzuk egiteko. Zein gauza? Ba zaintzako momentuetan eman dezake denbora gehiago. Eta horretan saiatzen gara. Jatea pertsonen arteko topaketa bat izan dadila; pixoihala aldatzea konplizitate momentu bat izan dadila; lo hartzea eta esnatzea gauza atsegina izan dadila... baina, noski, horretarako helduak jakin behar du gainontzeko haurrak, motrizitatea modu autonomoan lantzen ari direnak, ondo daudela», esan du Quintelak.

Eta bere gorputzean seguru eta ondo sentitzen den haurra, ondo bizi den haurra da. «Adin hauetan nortasun pertsonala, gorputz nortasuna da. Ongizate pertsonala, gorputz ongizatea da. Horregatik, seguru mugitzen den haurra haur segurua da, tentsiorik gabe bizi dena».

Piklerrek Budapesteko Sehaska etxea hartu zuenetik 60 urte baino gehiago pasa diren arren, ez dira hainbeste urte gure inguruan bere ikuspuntuaren berri entzuten dela. Esanguratsua da, esaterako, Euskal Herriko Pikler Loczy Sareak artean ez dituela bi urte.

«Neronek 2006 urtean izan nuen Piklerren berri. Egia da azken bizpahiru urtean dezente hitz egiten dela Piklerri buruz gure haur eskoletan. Alde batetik ona dela uste dut, profesionalek eta gurasoek Pikler buruan izatea ona delako. Baina modaren ideiak kezkatu egiten nau. Proposamen konplexua da eta profesional batek ezin du praktikara eraman egunerokoan bere barrua astindu gabe, hausnarketa sakon bat egin gabe. Kontua ez da liburu bat irakurtzea, haurrei beste modu batera begiratzea baizik. Gaur egun haurrei nahiko ezgauzak balira bezala begiratzen diegu eta oker gaude; haurrak gai dira gauza asko egiteko, irtenbide asko beren kabuz topatzeko. Baina gauza horiek beren ordez egiten ditugunez, gero uneoro helduaren bila ari dira dituzten arazoak konpon ditzan, eta astunak iruditzen zaizkigu», bukatu du.


PROFILA: EMI PIKLER


Vienan jaio zen 1902. urtean. Gurasoak hungariarrak zituen eta haurtzaroa Hungarian eman zuen. Ama irakaslea zuen, eta, aita, egurrarekin lan egiten zuen artisaua. 1920ko hamarkadan Vienara bueltatu zen medikuntza ikastera eta bertako unibertsitateko erietxean Pediatrian espezializatu zen. Garai hartan Vienan giro oso berezia bizi zen, hezkuntza «modernoaren» korronte indartsu samarra ari zen zabaltzen. Hartara, erietxe hartan gerora baliagarriak izan zitzaizkion printzipio oso interesgarriak jaso zituen.

Erietxe hartan mimo handiz eta modu berezian zaintzen zituzten haurrak. Araua garbia zen: haurrentzat ahalik eta atseginenak izan behar zuten zaintza horiek. Esaterako, miatzen zuen bitartean haurrak negarrik egin ez zezan saiatu behar zuen sendagileak.

Horrez gain, gaixo txikiak ohean etzanda ahalik eta denbora gutxien pasa zezan saiatzen ziren eta erietxean jolaserako txoko aproposak zituzten.

Haurrek kanpoan ahalik eta denbora gehien pasa zezaten ere saiatzen ziren, baita besoetako haurrek ere. Horretarako, logela askok balkoia zuten eta hotzaren aurrean ondo babestu eta kanpora ateratzen zituzten, kanpoko haizea osasungarriena dela iritzita.

Derrigor bete beharreko beste arau bat ere bazuten: jateko orduan ez eman haurrari nahi ez duen koilarakada hori. Erietxe horretan haurren janzkera ere berezia zen; hankak aske zituzten eta pixoihalak neurrikoak, ez handiegiak, haurrek mugitzeko askatasuna izan zezaten.

Egiteko modu berezi horiek ezagutzeaz gain, erietxe horretan Emi Pikler gauza batekin konturatu zen: haurren istripu kopuruari begira, langile auzoetako haurrek -kalean korrika eta jolasean ibili eta zuhaitzetara igotzen zirenek-, aberatsagoak ziren familietako haurrek baino istripu askoz gutxiago izaten zituzten, nahiz eta azken horiek askoz babestuago egon.

Vienan ikasketak amaitu eta gero, Triesten eta Budapesten aritu zen lanean Emi Pikler familia mediku bezala hamabost bat urtean. Garai hartan ezagutu zuen bere senarra, pedagogo progresista ezaguna eta bere ideien bultzatzaile eta defendatzailea. 1946. urtera arte aritu zen familia mediku lanetan.

Egun hainbestetan aipatzen den prebentzio medikuntzan lan garrantzitsua egin zuen. Gaixorik egon edo ez, astero bisita egiten zien bere zaintzapean zituen familietako haurrei. Bere esanean, «gaixotasuna osasuna ziurtatzen duen baldintzen akatsa da» eta horregatik zaintzen zituen bereziki haur horiek egunerokoan bizi zituzten baldintzak.

Piklerrek Hungariako mugimendu komunistarekin nolabaiteko lotura izan zuela gauza jakina den arren, ez da horren inguruko detaile gehiegi ezagutzen. Emakume modernoa zen eta giro modernoa bizi izan zuen. Segur aski lotura horren ondorioz, 1946. urtean boterera iritsi berria zen Hungariako Gobernuak Budapesten umezurztegi baten kargu egiteko eskaini zion. Sehaska etxe hori Loczy kalean zegoen, hortik gerora sortu zen fundazioaren izena.

Gerra amaitu berria zen eta haur asko zegoen zaintza beharrean; batzuk umezurtz geratu zirelako eta beste asko beren familiek ezin zituztelako zaindu. Baziren, baita ere, gurasoak tuberkulosia zutelako beren etxeetatik urrundu behar izan zituzten haurrak.

Emi Piklerrek Loczy etxearen gidaritza hartu zuenean bide erabat berria abiatu zuen, gerora bere lantaldeak jarraitu duena eta egun, 60 urte geroago, oso baliagarria dena. 1979. urtera bitartean bere izena daraman institutua gidatu zuen. 1986. urtean zendu zen haurraren hazkuntzaren inguruko sekulako ondasuna utzita.


GIZATASUNA SORTZEN DUTEN GAUZEN HAZTEGIA


Budapesteko Loczy Pikler Fundazioak ez ditu bere garai onenak bizi. Hungariako Gobernuaren dekretu bat tarteko, fundazioa desagertzeko arriskuan da. Une honetan fundazioak bere martxa darrai, zailtasun handiekin hala ere. Baina fundazioaren baitan zegoen umezurztegia itxi egin du Gobernuak eta bertan zeuden haurrak beste erakunde batzuetara eraman ditu. Auzokoei begirako haur eskola bat eta gurasoak eta haurrak hartzen dituzten jolaserako taldeak ere badaude fundazioan eta horiek biek martxan jarraitzen dute, etorkizun hurbilean zer gerta. Martxa betean daudenak –eta Gobernuak eraikina kenduta ere beste toki batean jarraituko dutela nabarmendu dute fundaziotik– taldeei begira antolatzen diren formakuntza ikastaroak dira. Horietan mundu guztiko taldeek hartzen dute parte eta Piklerren ideien eta praktiken berri bertatik bertara jasotzen dute (Euskal herriko talde bat egon berri da irailean). Fundazioaren alde nazioarteko kanpaina bat jarri da martxan eta Bernard Martino zinema egilea lan bat prestatzen ari da azken urteotan fundazioaren bueltan gertatutakoei buruz. «Fundazioa ixtea hondamendi izugarria izango da Hungariako Gobernuarentzat eta gizateriarentzat. Izan ere, Loczy pertsonengan gizatasuna sortzen duten gauza horien guztien haztegia da», esan dute fundaziotik. Eragile asko bat dator iritzi horrekin.


MYRTHA CHOKLER: «Haurrari heldu txiki bat balitz bezala begiratzen zaio askotan, ahal duena baino gehiago exijituz»


Psikomotrizista argentinarrak 25 urtetik gora daramatza haurren psikomotrizitatearen inguruan lanean. Bere kontsulta propioa dauka Buenos Airesen, eta, horrez gain, mundu guztian barna bidaiatzen du bere ezagutza zabala han eta hemen partekatzeko. Azaroan Euskal Herrian egotekoa da.
 
Pikler ikuspuntu bat da. Zein oinarri ditu?
Emi Pikler pediatra zen eta haurren traumatologia eta ortopedian espezializatuta zegoen. Horregatik, bere lanaren oinarria zientifikoa da. Pikler konturatu zen pertsona guztiak genetikoki programatuta gaudela motrizitate autonomoa garatzeko. Alegia, etzanda egotetik ibiltzen hastera bitarteko prozesu guztia, urrats guztiak, haurrak berak bere kabuz ikasteko gaitasuna duela, helduak ezer erakutsi gabe. Denok daukagu motrizitatea modu autonomoan garatzeko programa genetikoa.

 
Programa genetiko horri abantailak baino ez zizkion ikusi Piklerrek.
Etxean bere seme-alabekin jarri zuen praktikan; lanean pediatra modura zaintzen zituen haurrekin, eta, ondoren, Loczy Institutuan zeuden haurrekin. Loczy Bigarren Mundu Gerraren ondoren sortu zen familiarik gabeko haurrak hartzeko. Asko umezurtzak ziren eta beste asko beren familiek zaindu ezin zituzten haurrak. Kasu askotan erietxetik zuzenean eramaten zituzten Loczyra, jaio eta egun gutxira. Bospasei urtera bitarte bertan ziren haurrekin ikerketa lan garrantzitsua egin zuen Piklerrek. Beren motrizitatea nola garatzen zen behatu zuen gertutik eta ondorio garbiak atera zituen: haurraren mugimendua askoz orekatuagoa, seguruagoa eta aberatsagoa da bere kabuz ikasten duenean.

 
Eta zein paper jokatzen du helduak?
Haurra modu askean mugi dadin baldintzak sortu behar ditu. Izan ere, haurra gai da mugimendu guztiak bere kabuz ikasteko baina aulkitxo batean lotuta badago edo mugitzeko espaziorik ez baldin badu, nekez garatuko du gaitasun hori. Helduaren lana oso garrantzitsua da beraz. Horrez gain, Piklerrek zaintzarako proposamen aparta egin zuen. Horren arabera, zaintzarako uneek benetan gozoak behar dute izan, mimoz zainduak eta apartekoak. Eta horrek haurraren garapen afektiboan eragin zuzena izango du. Giro bero batean, gozoan, haurraren beharrei oso begira dagoen giro batean, haurraren garapen intelektuala hobea izango da.

 

Haurrari erabateko protagonismoa eskaintzen dio ikuspuntu horrek. Gaur egun modu okerrean begiratzen al zaio haurrari?
Haurrari heldu txiki bat balitz bezala begiratzen zaio askotan eta beti ahal duena baino gehiago exijitzen zaio. Egin ezin duena erakusten saiatzen dira etengabe eta haurrak sentitzen du sekula ez duela heldua kontentatzen. Eta gauzak heldua kontentatzeko egin ditzan erakusten zaio, ez berak interesa duelako, jakin-mina duelako, mundua ezagutzeko gogoa duelako. Gehiegi exijitzen zaio. Adibidez, gu eskolara joaten ginenean, 6 urterekin ikasten genuen idazten eta irakurtzen. Orain 4 urterekin ikasi behar dute, eta, ahal badute, baita 3 urterekin ere! Haurrei gehiegi exijitzen zaie, eta, estresatuta daude, etengabe helduen eskaerei erantzun nahian.

 

Hobe gauza bakoitza bere garaian, ezta?
Badago printzipio bat, oso garbia eta oso garrantzitsua: lehendabizi heltzea dago –izan psikologikoa edo intelektuala– eta, ondoren, ikasketa. Haur batek ezin du ikasi gauza bat horretarako nahikoa heldua ez bada, dagoeneko prest ez baldin badago. Ikasiko du akaso, baina gaizki egiten, eta ez da seguru sentituko, baldarra eta traketsa sentituko da.

 
Haur bakoitzak erritmo propioa du gainera.
Emi Piklerrek frogatu zuen ikasketa prozesuaren epeak oso zabalak zirela. Badira 13 hilabeterekin oinez hasten diren haurrak eta baita 23 hilabeterekin hasten direnak ere. Eta hori normala da, ez da ezer gertatzen. Izan ere, oinez ikasi aurretik gauza mordoa ikasten eta aztertzen dute haur horiek; arrastaka ibiltzen, lau hanketan, han eta hemen igotzen... Haurrak ez du denbora galtzen, bere mugimenduak aberasten ari baita. Ez da normala, esaterako, 12 hilabete aurretik oinez hastea; 10 hilabeterekin oinez hasten den haurra segur aski helduak horretara jarri duelako egin du, behartu egin duelako, erakutsi egin diolako. Baina, normalean, bere kabuz bakarrik ibiltzen ikasten duen haurra 12 hilabetetik aurrera hasten da. Eta bere kabuz hasten denak sekulako oreka eta harmonia izaten du; bere jarrera eta mugimendu propioak garatzeko nahikoa denbora izan duelako. Haurrari oinez doala geldirik geratzen garaiz aurretik erakusten bazaio, horretarako nahikoa heldua ez denean, ez da seguru geratuko, balantzaka geratuko da eta belaunak blokeatuko ditu. Hartara, aukera asko dago lurrera erortzeko eta segur aski ez du jakingo nola altxatu berriz. Aldiz, geldirik geratzen bere kabuz ikasten duen haurrak geratzeko modu asko ditu, bere gorputza ondo ezagutzen du eta bere buruan sekulako konfiantza dauka. Eta, gainera, beregan konfiantza duen heldua fidatzekoa iruditzen zaio.

 

Haur estresatuak aipatu dituzu.
Bai. Gero eta maizago ikusten ari gara antsietatea, tentsioa eta agresibitatea haurren artean. Ikasketa prozesuan arazoak dituzten haurrak eta motrizitate aldetik traketsak direnak ere gero eta gehiago dira. Eta horrek guztiak garbi uzten du haurren hiperestimulazioa bilatzen duten metodoek akaso ez dutela esperotako emaitzarik eman eta akaso beste bide bat topatu beharra dagoela. Bide berri horren bilaketan Loczy ezagutu dugunok konturatu gara bide berri horretan haurrak sanoagoak direla, bai fisikoki, bai biologikoki eta baita mentalki ere.

 
Nolako haurrak haz ditzake Pikler filosofiak?
Guk uste dugu lehendabiziko urteetan seguru eta konfiantza handiarekin bizi daitekeen haurrak gerora baliabide gehiago izango dituela sortzen zaizkion arazoei aurre egiteko; ez duela behar izango beste inork arazo horiek konpon ditzan. Eseri ezin zuen eta gurasoen laguntzarekin esertzen ikasi zuenak errazago joko du gurasoengana bere arazoak konpon ditzaten, horrela ohituta dagoelako. Badira denbora guztian helduaren mende dauden haurrak, beren kabuz irtenbide gutxi topatzen dituztenak. Eta badira txikitatik beren arazoak konpontzen ohituta dauden haurrak; nola eseri, nola buelta eman, bira nola eman bere kabuz ikertu eta ikasi dutelako. Haur horiek gerora pentsatzeko estrategiak garatzeko aukera gehiago izango dituzte, eta, normalean, lasaiagoak dira; helduek lasaitasunez eta errespetuz tratatu dituztelako.



JUANJO QUINTELA: «Profesionalak arduratsua izan eta formakuntza eta prestakuntza beharko dituela jakin behar du»


Haur psikologoa da Juanjo Quintela. Piklerren berri izan zuenerako urte asko emanak zituen hezkuntzaren munduan, baina ez haur txikiekin. Antzuolako haur eskolaren diseinua egiteko eskatu ziotenean gerturatu zen txikienen alorrera eta erabat harrapatuta geratu zen. Aurretik ez zuen uste haur txiki batek hainbeste gauza zituenik esateko.
 
Zerorrek onartu duzu, aurretik ezer gutxi zenekiela haur txikiei buruz. Orokor samarra al da hori?
Ez Psikologiako fakultatean ez Irakasle-eskoletan ez da gehiegi lantzen haur txikien gaia. Toki batzuetan hasiak dira zerbait egiten; Bilboko Irakasle-eskolan bada irakasleren bat, Lanbide Heziketan gauzak hobeto daude... baina, orokorrean, haur txikienen gaia apenas lantzen den. 

 
Kezkatzekoa ere bada. Izan ere, lehen urte horiek garrantzitsuak dira pertsona baten garapenean.
Zalantzarik gabe. Lehen urtean dagoeneko gauza oso garrantzitsuak josten dira. Haur bati eskaintzen zaion hazkuntza aukeraren arabera, 10-12 hilabeterako bere buruarengan sekulako konfiantza izan dezake; inguruarengan eta inguratzen dutenengan konfiantza izan dezake; ekimena izan dezake; arazoen irtenbidean barruan, beregan, bilatzen saia daiteke... Hazkuntza baldintza batzuk betez gero edozein haur hori guztia lortzeko gai dela jakitea gauza handia da.

 
Normalean ez da pentsatzen haur batek hainbesteko gaitasunak dituenik, ezta?
Emi Piklerren proposamenaren ezaugarri bat da haurraren gaitasunei begiratzea; zer egiteko gai den ikustea eta ez hainbeste zer egiten ez duen. Ni ez naiz bereziki zorrotza izaten gurasoekin; mundu zailean bizi gara eta zaila da egiten duzun guztiarekin asmatzea. Nik uste dut gurasoek nahiko ondo egiten dutela bere partea. Txantxetan esaten dudan moduan, “aldanondo” metodoarekin. Askoz zorrotzagoa naiz profesionalekin. Profesionalak erronka bat dauka, ardura izugarria eta familietan ez bezala, haurrari taldean hazten lagundu behar dio. Eta haur txikientzat oso gogorra da taldean bizitzea.

 

Aldiz, maiz samar entzuten da haurrak sozializatu egin behar duela.
Lehendabiziko urteetan haurrak talde ez oso handietan hazteko programatuta daudela uste dut. Benetan gustatzen zaiena gurasoekin, anai-arrebekin, aiton-amonekin... egotea da. Lehen bi urteetan haurrak behar duen sozializazioa familian oinarritzen da. Eta bizitza mota hori ukatzen ari gara helduentzat prestatzen ari garen bizimoduarekin. Haurrek oso goiz joan behar izaten dute haur eskoletara eta ardura izugarria da. Gurasoek egiten duten hazkuntza osatu eta laguntzeko ardura daukate profesionalek eta ahalik eta ondoen egin behar da.

 
Ados, ondoen etxekoekin dago haurra. Baina gaur egun zaila da hori.
Egia da. Gurasoek zuzenean ezin badituzte haurrak hazi, ordezkatuko dituen profesionalak oso arduratsua izan behar du, prestakuntza eta formazioa oso beharrezkoa duenaren jakitun izan behar du. Adin oso garrantzitsuez ari gara eta profesional horien lana oso garrantzitsua da eta, formakuntza, behar-beharrezkoa. Haurraren mesedetan ez ezik, profesionalaren mesedetan ere bada hori, bere eguneroko lanean askoz erosoago eta seguruago sentituko baita.

No hay comentarios:

Publicar un comentario